XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Deitu diote txinar errementari bati eta:

- Konpon egiguzu gasolinaren depositoa.

Errementariak, berriz, erreberentzia txinarra: ez dakiela usain txarreko traste zahar hura konpontzen.

Lor dezakeen bakarra, depositoa kopiatuz deposito berri bat egitea omen dela.

Bidaiariei ez zaie ideia txarra iruditu.

Hala, egin du errementariak deposito berria, eta abiatu dira berriro.

Gaua gertu, plost-plost! hasi zaie bigarren aldiz autoa.

Gelditu egin da.

Begiratu diote depositoari.

Deposito zaharreko toki berdinean dauka zulo bat berriak ere.

Errementari txinarrak hitzez hitz bete du agindu zaiona.

Perraultek zertzeta baten luma tintontzian bustiz idatzi zituen zure ibilerak eta harritua egongo zara zu orain ordenagailuaren eta gasolina depositoaren asmazio itxuragabe hauekin.

Ez zaitut mareatuko eta gorabehera gozoagoak kontatzera pasako naiz.

Ba al dakizu zure izena, edo Txanogorritxurena, edo Ali Babarena entzuten dudan bakoitzean txokolatearen usainarekin oroitzen naizela?

Zahor markakoa da, gainera, txokolatearen usaina.

Begira, ni txikia nintzenean ez zen gerraondoko gure etxe haietan diru asko eta txokolatea ere ez genuen sarri jaten, astean behin edo, gehienez ere.

Eta guk Zahor markakoa ekar zezala eskatzen genion amari, tabletekin batera neurri oso txikiko ipuinak erregalatzen baitzituzten.

Hargatik elkartzen ditut beti zuen mundu hori eta txokolatearen usaina eta nik uste dut baita ere nire belaunaldikoei horregatik gustatu zitzaigula hainbeste Txokolatezko etxetxoa ipuina, usaina eta izana bat zituelako eta gose garaietako inbidia hura joaten zelako txokolatezko etxeko atean kas-kas jo eta ipuinen munduan sartzera.

Ez baikenuen, ez, aukera handirik ezer irakurtzeko, horregatik edukiko dut hain gogoan Zahor txokolatea.

Orain, ordea, besterik da, gaurko umeek badaukate nahi adina txokolate eta nahi adina zer irakurri.

Ez omen dute baina oraingo haurrek irakurtzen.

Espezialistek (nere mundu honetan edozertarako dago orain espezialista) ematen dituzte mila arrazoi oraingo umeek zergatik ez duten irakurtzen esplikatzeko, eta leiho baten antza baino gehiago kaiolarena daukan telebistari ematen dizkiote kulpak, ematen dizkiote kulpak disziplina faltari, (...).